AIZKOLARITZA
1976ko urtarrilaren 18an Euskal Herriko eta Australiako aizkolarien arteko neurketa jokatu zen Donostian. Australiarrak nagusitu ziren eta garbi gelditu zen australiar aizkora Euskal Herrikoa baino askoz hobea zela. Geroztik horrelako aizkorak hasi ziren erabiltzen. 2 eta 2,8 kilo arteko pisua izaten dute eta goi mailako aizkolari bakoitzak bere ezaugarrien araberako aizkora erabiltzen du.
Historia
Hasiera
Euskal herri kirol guztietan gertatzen den bezala, aizkora proben jatorria langileen (baso-mutilen) arteko desafioetan dago. Lehenbiziko apustuak oihanean bertan jokatzen ziren baina denborarekin aizkol jokoa menditik herrira jaitsi zen. Ez zaigu ezer idatzirik ailegatu hasierako apustu hauei buruz. Aizkora proben gaineko lehenbiziko erreferentzia idatzia 1802ko ekainaren 7koa da. Egun horretan Hernaniko plazan jokatutako apustuan Ezkurrako Ramon Elizalde Astigarragako Hernandorenari nagusitu zitzaion. 1851an Benancio Elorza Oñaederra "Iru-Erreketa" sortu zen. 1884an Elgoibarren jokatu zuen apustuan 12 kanaerdi moztu behar izan zituen eta 1892an Azpeitian "Zelai Luze"-ri irabazi zion.
XIX. mende bukaeratik aurrera euskal abertzaletasunaren hedapena herri kirol guztientzako lagungarri izan zen. Euskal jaiak antolatzen hasi ziren eta egitarauan aizkolariek ez zuten huts egiten. Giro honetan bi aizkolari mitiko azaldu ziren: Beizamako Pedro María Otaño "Santa Agueda" eta Azpeitiako Jose Martín Goenaga Odriozola "Atxumarria". 1903ko abenduaren 26an Azpeitian jokatu zuten apustuak sekulako ikusmina sortu zuen eta bost mila lagunek gainezka bete zuten zezen-plaza. Kanako launa enbor ebaki behar izan zituzten eta "Atxumarria" nagusitu zen. Apustu honen xehetasunak bertso paperen bidez iritsi zaizkigu:
1/ Azpeiti'ko erriko aizkora-apustua, Jose Martin zan kontra Antzumarri'kua; Beizama'kua naiz ni mendi-puntakua, Pedro Mari Otaño, Santa Ageda'kua. |
|
|
20ko hamarkadan aizkora apustuak asko ugaritu ziren, Gipuzkoan eta Nafarroan batez ere. Jose Aranburu Aramendi Keixeta izan zen izarrik handiena: 31 apustu jokatu zituen eta 28 irabazi. 20ko hamarkadaren bukaeran eta 30eko hamarkadan Ramon Astigarraga Errekalde, Jeronimo Iturbe Agiñeta eta Ignazio Orbegozo Arria nabarmendu ziren.
Gerra ondoko aizkolaritza
Espainiako Gerra Zibilaren ondoren "Arria"z gain Antonio Soraluze "Korta" eta geroago Martin Garziarena eta Juan Jose Narbaiza "Luxia" gailendu ziren. Beren arteko apustuek izugarrizko ikusmina sortzen zuten. 50eko hamarkadan "Luxia" nagusi izan zen, Ramon Latasa sunbildarraren aurkako apustu mitikoa galdu zuen arte. Latasarekin batera Patxi Astibia eta Migel Berakoetxea izan ziren 60ko hamarkadako dominatzaileak.
70eko hamarkadak berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituen: federazioak eratzen hasi ziren, Euskal Herriko eta beste herrialdetako aizkolarien arteko neurketak antolatu ziren (1976ko Australia-Euskal Herria, Munduko Aizkolari Txapelketak) eta, aspaldiko partez, aizkolari gipuzkoar baten nagusitasuna izan zen: Jose Ignazio Orbegozo "Arria II.a 80eko hamarkadako izarrik handiena Mikel Mindegia izan zen, hamarkadako Euskadiko Txapelketa guztiak berak irabazi baitzituen, baina maila handiko beste aizkolari batzuk ere agertu ziren, hala nola Jose Mari Mendizabal, Anjel Arrospide, Joxe Mari Olasagasti eta Donato Larretxea. Zenbait urtez desafio, apustu eta marka saiakera asko izan zen.
90eko hamarkadatik aurrera
90eko hamarkadan aizkora jokoen beherakada handia izan zen. Ikusle gutxi biltzen zirela eta, apustuak urrituz joan ziren. Horrez gainera, mendiko lanera gero eta gazte gutxiago joaten delako seguru aski, maila handiko aizkolari berri gutxi agertu zen. Txapelketetan Arrospide eta Olasagasti nagusi izan ziren.
XXI. mende hasieran, aurreko hamarkadako aizkolariekin batera, Joxemiel Peñagarikano eta Floren Nazabal ibili dira goi mailan. Gazteen txapelketetan nabarmendu diren aizkolariak ez dira oraindik beteranoen mailara iritsi. Hor dugu, esate baterako, Olasagasti, 2010eko Euskadiko txapelduna 51 urterekin. Bestalde, Urrezko Aizkora-ren moduko saio motx eta azkarrak kontuan hartzeko berrikuntza izan dira .
Etiquetas: AIZKOLARITZA
0 comentarios:
Publicar un comentario
Suscribirse a Enviar comentarios [Atom]
<< Inicio